Lehen urratsak

Ikasturteari hasiera emateko prestatutako gaia da. “Lehen urratsak” gaiaren helburu nagusia hasierako egunei aurre egitea da: ezin dugu ahaztu material honen xede nagusia euskara ikastea dela eta, hasierako egunak izanik, umeak ez direla euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko gai. Horretaz guztiaz gain, talde berri baten aurrean egongo gara eta beharrezkoa izango da taldea egituratzeko zenbait ekintza egitea.

Gainera, ikasturtean zehar lagun izango duten pertsonaia ezagutuko dute: Joxe.

Horregatik, gai honen helburu nagusiak hauexek dira:

  1. Hasierako egunetan erreferenteak eta talde-egitura sortzea.
  2. Ikasturtean zehar beraien laguna izango den pertsonaia ezagutzea.
  3. Ikasturteko arauak eta errutinak zehaztea.
  4. Oinarrizko hiztegia eta hainbat egitura ikastea.

1. Taldea sortzen

Hasierako egunetako lanik garrantzitsuena talde-egitura sortzea eta umeek gela eurena sentitzea izango da, konfiantza-eremu baten barruan murgilduko direlako eta erosoago sentituko direlako.
Garrantzitsua izango da, hortaz, erreferenteak sortzea: talde handia, gela, talde txikia, eskola, irakaslea… ikasturte guztian zehar elkarlanean arituko dira eta harremana lehenengo egunetik sustatzea komeni da.

Aipatutakoa lortzeko, taldea sortzen hasteko eta taldekideen artean konfiantza-eremua sortzeko, hainbat jolas proposamen daude: alde batetik, aurkezpen-jolasak eta, bestetik, konfiantza-jolasak. Jolas horiek ez dute hizkuntza-komunikazio handirik eskatzen, oraindik ez baitira gai horretarako.

Bestalde, gela antolatzea eta apaintzea umeekin batera egin daitekeen lana da. Gela eurek aukeratu bezala apain daiteke, euren izenak eta argazkiak gelan zehar koka daitezke… lan honetarako ere badaude hainbat proposamen.

2. Gure lagun Joxe: oinarri-oinarrizko aurkezpena

Joxek euskara ikasten lagunduko die umeei. Bera izango da gai guztiei lotura eta zentzua emango dien pertsonaia. Hasierako gai honetan Joxe aurkeztuko zaie umeei eta, bide batez, umeek jakingo dute zein izango den euskara ikasteko jarraituko duten bidea.

Horretaz gain, oinarri-oinarrizko aurkezpena egiten ikasiko dute.

3. Gelako ohiturak

“Asteko arduraduna” izenpean zenbait errutina ezarriko dira. Ardurak hartzea garrantzitsua da: umeek hasieratik jakingo dute, noizean behin, gela barruko zenbait gauza euren gain egongo direla eta horrek asko motibatuko ditu. Normalean, umeei gelako arduradun izatea asko gustatzen zaie.

Proposamena astero gelan arduradun bat egotea da. Arduradun honen ardurapean bi erantzukizun egongo dira: semaforoa eta eguraldia eta data.

4. Oinarrizko hiztegia

Kontuan izan behar dugu helburu nagusia euskara ikastea dela, eta lan horretan hiztegia barneratzea ezinbestekoa dela. Hasiera batean eta hizkuntzaren ikaskuntza-prozesuan hasiberriak direnean, eguneroko bizitzan gehien beharko dituzten hitzak eta zenbait hizkuntza-forma ikastea oso garrantzitsua da. Horregatik, hasierako gai honetan oinarrizko hiztegia eta zenbait hizkuntza-forma ikasiko dituzte ahalik eta modurik ludikoenean.