Semaforoa

Egon litezkeen diziplina arazoei aurre egiteko estrategia.

Hasieratik zenbait errutina edo ohitura hartzea; luzaroan lagungarriak egingo zaizkigu. Gelan, astero, arduradun bat egongo da eta honek bi lan izango ditu:

  1. Bata eskolara sartzean: EGURALDIA ETA DATA.
  2. Bestea eskolatik irten aurretik: SEMAFOROA.

Helburuak

  • Gelan egon litezkeen diziplina-arazoei aurre egitea.
  • Umeen arteko errespetua bultzatzea.

Prozedura

Egon litezkeen diziplina-arazoak bideratzeko erabil daiteke. Umeekin batera ikasturtean zehar gelako arauak zeintzuk izango diren adostu ostean, arduradunak arau horiek betetzen diren edo ez kontrolatuko du astero. Gelakideen jokaeraren arabera, eguneko saioa bukatzean kolore bat edo beste jarriko dio semaforoari.

  • Arauak jarri:
    • Umeekin adostu ikasturtean zehar gelan bete beharko diren arauak.
    • Umeak eurak jarritako arauak direnean, zeri heldu edukiko dugu arazoak daudenean. Izan ere, eurek jarritako arauak dira eta euren hitza betetzeko eska diezaiekegu.
    • Hezitzaileak zenbait arau proposa ditzake, baina garrantzitsua izango da umeak ados egotea. Hala ere, komeni da zenbait arau, beti, umeei proposatzea eta eurak ados agertzeko ahalegina egitea:
      • Elkar errespetatzea.
      • Norbaitek hitz egiten duenean entzutea.
      • Hitz egiteko txanda eskatzea.
      • Erabilitakoa jasotzea.
      • Komunera joateko baimena eskatzea.
      • Ordurako iristea.
    • Umeek adosten dituzten arauak gelan itsatsiko ditugu eta beti egongo dira bistan. Edozein arau apurtzen denean, arauei begiratzeko eskatuko diegu.
  • Semaforoa:
    • Gelan eskola-egun bakoitzeko semaforo bat edukiko dugu. Asteko azken eguneko semaforoa handiagoa izatea komeni da.
    • Ume bakoitzari bere semaforo-koadernoa banatuko diogu. Ikasturteko aste bakoitzeko orrialde bat.
    • Umeekin negozia dezakegu, asteko azkeneko eskola egunean, aurreko egunetako jarreraren arabera, sari bat edukitzea. Adibidez: jolas egitea, eskulanak egitea‚Ķ
    • Egunero, eskola bukatzeko hamar minutu falta direnean, ume bakoitzak bere koadernoko semaforoa marraztuko du: laranja, gorria edo berdea.
      • Gorria: gaizki portatu naiz.
      • Laranja: erdipurdi portatu naiz.
      • Berdea: ondo portatu naiz.
    • Asteko arduradunak arbelean idatziko du kolore bakoitzeko zenbat semaforo dauden.
      • Bi gorri baino gehiago baldin badaude, gelako semaforoa gorria izango da.
      • Bi laranja baino gehiago baldin badaude, gelako semaforoa laranja izango da.
      • Lau laranja baino gehiago baldin badaude, gelako semaforoa gorria izango da.
      • Laranjak eta gorriak batuta, bi baino gehiago baldin badaude, gelako semaforoa gorria izango da.
      • Aurreko kasuak ez badira ematen, gelako semaforoa berdea izango da.

Oharrak

  • Hezitzaileak ikusten baldin badu, umeek nahi dutena egiten dutela edo gezurra esaten dutela, bere esku egongo da semaforoaren ardura hartzea edo ez.
  • Hau da aurkituko duzun materiala:
    • Gelako semaforoa egiteko plantilla.
    • Umeen banakako koadernoa egiteko plantilla.
    • Talde-arauak (eredua).