Sukaldari lanean

Helburuak

  • Elikagaien hiztegia ikastea eta erabiltzea.
  • Sukaldean aritzeko tresnen hiztegia ikastea eta erabiltzea.
  • Sukaldatzeko tekniken hiztegia ikastea eta erabiltzea.
  • Menu bat idatziz ematea.
  • Instrukzioak lantzea.
  • Plater bat prestatzeko pausuak ulertzea eta ordenatzea.
  • Errezeta bat idaztea.

Prozedura

  • Ume bakoitzari “sukaldari lanean” txostena banatu eta azaldu denen artean errezeta liburu bat egingo dutela.
  • Txostena pausoz pauso egin:
    • Hiztegia: lehendabizi, ariketako hitzak ezagutzen ez badituzte, hiztegian bilatu eta euskarako hitzaren ondoan idatzi. Jarraian, hitzak hizki-zopan bilatu.
    • Platerak: lehendabizi, talde txikietan, ariketako jakiak ordenatu irudiaren, herrialdearen eta daramatzan osagaien arabera. Gero, beraien herrietako jaki tipikoen osagaiak idatzi. Bukatzeko, zuzenketa lanak egin eta umeek euren herrietako jaki tipikoez hitz egin.
    • Teknikak: umeek banaka lehenengo, bikoteka jarraian eta talde handian bukatzeko, sukaldatzeko tekniken araberako platerak idatzi. Egosita sukaldatzen direnak, frijituta sukaldatzen direnak, erreta sukaldatzen direnak eta gordinik jaten direnak.
    • Menua: umeek hiruko edo lauko taldeetan menu bat prestatu. Horretarako, lehendabizi, hezitzaileak kantitateak idazteko modua azaldu (kantitatea + ontzia + elikagaia). Gero, umeek sukaldatuko duten menua idatzi eta horretarako beharrezkoak diren elikagaien erosketa zerrenda egin. Bukatzeko, hezitzaileak zuzendu eta umeek beste ikaskideei ahoz aurkeztu.
    • Patata tortilla: lehendabizi, denen artean, sukaldatzeko teknikak birpasatu eta, jarraian, bikoteka, Airamek patata tortilla nola egin duen azaldu: irudiak ordenatu, pausoei hitza jarri eta erabili dituen osagaiak eta tresnak idatziz eman.
    • Errezetak: bi talde egin eta talde bakoitzari errezeta bat banatu: legatza labean, txerri solomoa garagardotan. Talde bakoitzak egokitu zaion errezeta irakurri eta beste taldekoei ahoz azaldu (orrikoa irakurri gabe).
    • Errezeta errazen txapelketa: Binaka errezeta erraz bat idatzi eta ikaskideei ahoz azaldu.
    • Errezeta liburua: ume bakoitzak errezeta libururako bere errezeta idatzi. Horretarako, hezitzaileak arbelean idatzi kontuan hartu behar dituzten elementuak: hiztegia eta prozedurak idazteko pausuak (umeei azaldu edozein prozedura juntagailu hauekin idatz daitekeela). Hezitzaileak ume bakoitzaren errezeta zuzendu, umeekin komentatu eta ume guztien errezetak bildu errezeta-liburua sortzeko.