Etxearen eta altzarien bingoa

Helburua:

  • Umeek hiztegi berria entzutea eta horretara ohitzea, aurrerago, eurek ekoitzi ahal izateko.

Prozedura:

  • Aurreko gaietan ez bezala, gai honetan komeni da bingoa besteetan baino beranduago erabiltzea. Arrazoia zera da: hitz berri asko direla eta oraindik asimilatzeko denborarik ez dutela izan. Beraz, “Bikote-jolasa” eta “Fitxak” landu ondoren erabiliko da “Bingoa”. Egun batzuetan “Bingoa” erabil daiteke eta beste batzuetan “Gelaz gela”, izan ere desberdinak dira baina, era berean, antzekoak.
  • Ume bakoitzak bere kartoia edukiko du eta hezitzaileak fitxaz betetako poltsa bat.
  • Hezitzaileak fitxa bat aukeratu eta atera ondoren, erakutsi barik, hor ikusten duena izendatuko du.
  • Umeek ikusi beharko dute ea euren kartoietan entzundako etxearen zatia edo altzaria agertzen den. Hala bada, irudi hori ezabatu, estali… egin beharko dute.
  • Kartoietan dituzten irudi guztiak estalitakoan, BINGO esan beharko dute. Lehenengo esaten duena, irabazle.

Oharra:

  • Jolasarekin hasi baino lehen, irudi bakoitza zer den argi azaldu behar da. Adibidez: ohea, izara, manta, horien irudiak erakutsi eta bakoitza izendatu.
  • Jolas hau behin baino gehiagotan erabiltzea komeni da, eta beti ere, umeen mailaren arabera eta gaiaren une ezberdinetan txertatuz:
    • Hasieran, hezitzaileak fitxan duena ahoskatzearekin batera, irudia erakutsiko du.
    • Hurrengo, hitza esango du. T Tartetxoa utzi, eta ume guztiek euren kartoietan begiratu dutela ziurtatu ostean, irudia erakutsi egingo du.
    • Hezitzaileak hitza esango du, baina ez du irudirik erakutsiko.
    • Azkenik, umeak eurak jar daitezke poltsatik irudiak ateratzen eta dagokien hitza esaten.

Hurrenkera hori zaintzea komeni da, errazenetik zailenera.

Hitz-zerrenda:

Sukaldea

  • Mahaia
  • Aulkia
  • Lapikoa
  • Zartagina
  • Platerak
  • Basoak
  • Sardexka
  • Koilara
  • Labana
  • Garbigailua
  • Hozkailua
  • Sukaldea
  • Harraska
  • Mikrouhin-labea
  • Armairua

Egongela

  • Lanpara
  • Sofa
  • Besaulkia
  • Alfonbra
  • Telefonoa
  • Telebista
  • Armairua

Logela

  • Ohea
  • Manta
  • Izara
  • Burkoa
  • Armairua
  • Gau-mahaia
  • Alfonbra
  • Gortinak

Komuna

  • Bainuontzia
  • Dutxa
  • Komuna
  • Lababoa
  • Ispilua
  • Orrazia
  • Hortzetako eskuila
  • Hortzetako pasta
  • Toalla
  • Esponja
  • Xaboia