Denok gara bereziak, denok pertsonak gara

Helburuak

  • Pertsonak deskribatzen ikastea.
  • Pertsonen arteko errespetua lantzea.
  • Norberaren burua maitatzen ikastea.

Prozedura

  • Umeei “denok gara bereziak, denok pertsonak gara” fitxa-multzo bana eman.
  • Joxek bidali duela esan.
  • Hezitzaileak dokumentua poliki eta intonazio egokia emanez irakurri. Dokumentuak argi bideratuko du hezitzailea.
  • Umeek fitxetan eskatzen diren lanak bete:
    • Ispiluan begiratu: ume guztiek ispiluan begiratu euren buruari (aluminiozko paperean), hezitzaileak zer ikusi duten galdetu, gelako beste kide guztiei begiratzeko esan; badago gelan itxura berbera duen lagunik?
    • Gelakoen ile koloreak aztertu: galderei erantzun; hezitzaileak, arbelean, gelakoen ile koloreak eta kolore bakoitzeko kopurua idatzi.
    • Maskara margotu eta moztu: ume bakoitzak bere maskara margotu eta moztu.
    • Ispiluan begiratu: zein koloreko begiak dituzten ikusi eta fitxan jarri.
    • Gelakoen begi koloreak aztertu: hezitzaileak, arbelean, gelakoen begi koloreak eta kolore bakoitzeko kopurua idatzi.
    • Gelakoen sudurrak eta belarriak aztertu: denen artean gelan nolako belarriak eta sudurrak dauden begiratu. Handiak dira, txikiak dira? Badago antzekotasunik?
    • Norberak bere burua marraztu: ume bakoitzak, dagokion lekuan, bere buruaren marrazkia egin.
    • Dakitenaz eta ikasteko dutenaz hitz egin: orain arte zer ikasi duten galdetu, zer kostatu zaien gehien, zer gustatu zaien gehien. Zer ikasi nahi duten galdetu. Bakoitzak bere fitxan idatzi eta hezitzaileak arbelean.
    • Gelako egunerokotasunaz hitz egin: arazorik dagoen galdetu, nola sentitzen diren, lagunekin ondo portatzen diren eta besteak beraiekin ondo edo gaizki portatzen diren galdetu. Erantzunen arabera, hezitzaileak egoera bideratu.

Oharra

  • Ez dago zertan egun bakar batean egin. Beharren arabera eta umeek ematen dioten garrantziaren arabera lanketa sakonagoa izan daiteke. Motzagoa ere bai; ez dago zertan den-dena egin.