Familia hipotetikoa

Helburuak

  • Familia harremanak ikastea.
  • Beste batzuen aurkezpena egitea.
  • Aurkezpeneko nozio eta egitura guztiak erabiltzea eta birpasatzea.
  • Konparazioak egiten ikastea.

Prozedura

Alde batetik,

  • Gelako ume guztiekin bi talde egin.
  • Talde bakoitzak familia bat sortuko duela azaldu.
  • Lan egiteko behar duten material guztia banatu:
    • Familia hipotetikoko pertsonaia guztien fitxak.
    • Aurkezpen-fitxak.
    • Aurkezpen-fitxa eredua.
  • Talde bakoitzak emandako pertsonaiekin familia bat asmatu. Pertsonaiarik gazteena izango da erreferentea eta horren arabera, familia sortu:
    • Pertsonaia bakoitzari kolorea eman.
    • Pertsonaia bakoitzari izen-abizenak jarri.
    • Familiako pertsonaia gazteenarekin duten familia harremana zehaztu.
    • Pertsonaia bakoitzaren aurkezpen-fitxa bete.
  • Hezitzaileak, lanean dauden bitartean, zuzenketa lanak egin.
  • Hezitzaileak, umeak lanean dauden bitartean, dauzkaten zalantza guztiak azaldu. Edukiren bat ondo barneratu ez dutela konturatuz gero, berriz ere azaldu.

Bestetik, umeek familia hipotetikoak sortzen dituztenean,

  • Umeei esan Joxek benetako familia bidali diela eta eurek egindakoarekin konparatuko dutela.
  • Hezitzaileak benetako familia umeei ahoz aurkeztu, horretarako, arbola genealogikoa izango balitz bezala, arbelean pertsonaiak eta hauen aurkezpen-fitxak itsasten joan.
  • Hasi pertsonaia gazteenaren aurkezpenarekin eta arbola genealogikoan gora egin: neba-arrebak, lehengusu-lehengusinak, gurasoak, osaba-izebak, aitaita-amamak.
  • Aurkezpena egin ahala, umeei galdetu: nola deitzen da zuen pertsonaia? Zenbat urte dauzka? Nongoa da? Nolakoa da?…

Oharrak

  • Ekintza luzea da eta ezinezkoa da egun bakar batean egitea. Ez da komeni umeak aspertzea eta horregatik, ariketa beste lan batzuekin tartekatu daiteke. Hau da, ez da beharrezkoa lanarekin hasi eta bukatu arte berarekin jarraitzea.
  • Ahozkoan hezitzaileak konparazio egiturak erabiltzea komeni da: zuek sortu duzuen pertsonaia benetakoa baino zaharragoa da. Zuek sortutako pertsonaiak benetakoak baino bost urte gehiago dauzka…