Egutegia

Helburua:

  • Umeek asteko egunak ikastea.
  • Umeek hilabeteak euskaraz izendatzen ikastea.
  • Koloreak, zenbakiak, nork, zein, noiz, urtaroak eta abar lantzea.

Prozedura:

  • Asteko egunak:
    • “Alferraren astea” abestia kantatuko dute denen artean.
    • Letra irakurri eta bertsoak dagokien irudiekin lotuko dituzte.
    • Hezitzaileak hainbat galdera egingo dizkie umeei:
    • Zein asteko egun gustatzen zaizue gehien? Zergatik?
    • Kontatzen hasita, zein da asteko hirugarren eguna?
    • Eta abar.
  • Hilabeteak:
    • Hilabeteak lantzeko, lehenengo, hilabete guztiak jasotzen dituen orria banatuko zaie umeei.
    • Hilabeteak banan-banan landuko dira:
    • Zein zenbaki du apirilak?
    • Zer ikusten da apirilean?
    • Zein hilabetetan hasten dira Beñat eta Irati eskolan? Eta zuek?
    • Eta abar.
    • Ondoren, abestiaren eta esku jolasaren bidez landuko dituzte hilabeteak, prozedura honen arabera:
    • Jolas hau abestiaren erritmoari jarraituz biribilean edo korroan jolasteko da. Jolaskide guztiak biribilean jarriko dira besoak alboetara luzatuta. Jolas guztian zehar eskuekin hiru mugimendu egingo dituzte: eskuin eskua behera begira eta ezkerra gora begira dituztela, ondoko jolaskideen eskuak jo.
    • Eskuak kanpoaldera jarri eta ondoko jolaskideen eskuak jo.
    • Norberaren eskuekin txalo egin.
    • Mugimendu hauek errepikatuko dira abestia bukatu arte, baina abestiak jolaskide bakoitza jaio den hilabetea aipatzen duenean, jolaskide hori makurtu egingo da, eta jarraian altxatu. Horrela, abestiak irauten duen tartean jolaskide guztiak makurtu eta altxatu beharko dira.
  • Egutegia
    • Egutegiak ez dauka urte zehatzik. Helburua urtero erabiltzea eta urtearen arabera moldatzea da.
    • Bi egutegi daude:
    • Koloredun egutegia.
    • Kolore bariko egutegia.
    • Margotutako egutegia gelan jarriko da.
    • Margotu gabeko egutegi bana emango zaie umeei. Umeek dagokion hilabetearen marrazkia margotuko dute (maiatzean maiatzekoa, apirilean apirilekoa,…) eta horman jarriko dute. Euren agenda balitz moduan erabiliko dute ikasturtean zehar.
    • Egutegi hori hilabeteak, asteko egunak eta zenbakiak gogora ekartzeko erabiliko da. Horretaz gain, urtean zehar apuntatu beharreko gauzak jasotzeko ere erabiliko dute.
  • Gure urtebetetzea
    • Hezitzaileak “Gure urtebetetzea” fitxa itsatsiko du horman.
    • Ume bakoitzak, kontuan izanda noiz betetzen dituen urteak, bere izena idatziko du dagokion hilabetean.
    • Hezitzaileak galderak egingo ditu:
    • Noiz da X-en urtebetetzea?
    • Zein urtarotan?
    • Zein eguraldi egingo du?
    • Zuhaitzek zein kolore izango dute?
    • Eta abar.