Denda jolasa eta jatetxea

Helburua:

  • Landutako hiztegiarekin jolastea.
  • Orain arte landutako egiturak erabiltzea:
    • Badaukazu…?
    • Badago…?
    • Zenbat balio du…?
    • Zenbat nahi duzu…?
  • Talde lana bultzatzea.

Prozedura:

Bi jolas daude:

Denda jolasa

  • Hiru denda:
    • Barazki eta fruta-denda.
    • Harategia.
    • Okindegi-gozotegia.
  • Materiala:
    • Dendetako kartelak.
    • Elikagaiak (denda bakoitzean 20).

Irudi handian: dendetan jartzeko erosleak ikus dezan zer dagoen ( ez dira saltzeko). Irudi txikiak: saltzeko, hau da, erosleari emateko eta karroan itsasteko.

    • Prezioa idazteko kartulina.
    • Dirua.
    • Karroak.
  • Prozedura:
    • Lorentxoren gutuna irakurri.
    • Hiru talde egin: okindegi-gozotegia, harategia, eta barazki eta fruta-denda.
    • Dendak antolatu (non jarri denda bakoitza, denda bakoitzean non jarri produktuak, horman dendetako kartelak itsatsi…) eta apaindu.
    • Elikagaiak mahai gainean jarri salmentarako prezioarekin. Hau irudi handiekin egingo da; irudi horiek ez dira saltzeko.
    • Dendan irudi txikiak ere izango dituzte, erosleari, erosi ahala, emateko.
    • Erostera!: txandaka egin daiteke erosketa. Batzuek saltzen duten bitartean, besteek erosi. Beste aukera bat ere badago, beste talde batzuetakoei erostera etortzeko eskatzea.
    • Erosleek, erosi ahala, produktuak euren karroetan itsatsiko dituzte. Honela, jakingo dute zer erosi duten, zenbat diru gastatu duten…
    • Erosketak egiten amaitutakoan, ume bakoitzak zer erosi duen eta, gutxi gorabehera, zenbat ordaindu duen esan beharko du.
  • Oharra:
    • Dirua hezitzaileak aurrez moztuta eta prestatuta eramatea gomendatzen da.
    • Elikagaien irudiak umeek eurek moztu ditzakete (adinaren eta taldearen arabera).

Jatetxea

  • Materiala:
    • Menua (lehenengo platera, bigarrena eta postrea).
    • Menua prestatzeko materiala sukaldariarentzat: jakien irudiak.
    • Kartelak (sukaldea, jantokia eta mahai gainean jartzeko sua).
    • Mahai tresnak.
    • Sukaldariaren txapela egiteko materiala.
    • Zerbitzarien mantala egiteko zabor-poltsak.
  • Prozedura:
    • Lorentxoren gutuna irakurri.
    • Jatetxea antolatu eta apaindu: sukaldea eta jantokia. Non kokatuko den sukaldea eta non jantokia erabaki behar da. Ondoren, kartelak itsatsi horman. Horretaz gain, sua ere itsatsi sukaldeko mahairen baten gainean.

Bestalde, jantokiko mahaiak eta aulkiak antolatu eta mahai bakoitzaren gainean mahaiko tresnak jarri. Horretarako irudiak moztu eta mahai gainetan jarri. Sukaldariei txapela jantzi: kartulina zuri bat erabili horretarako eta txapela egin ondoren, irudia itsatsi aurreko aldean. Zerbitzarien mantala egiteko, berriz, zabor-poltsak erabili. Sukaldean egongo diren jakiak moztu eta sukaldean kokatu. Gero, menuak prestatu beharko dituzte.

    • Dena prest dagoenean, jolasari hasiera eman:
    • Sukaldariak sukaldean egongo dira eta zerbitzariak jantokian bezeroen zain.
    • Bezeroak sartuko dira eta eseri. Zerbitzariak menua erakutsiko die, bezeroek zer jan nahi duten esan eta zerbitzariak koadernotxo batean apuntatuko du eskatutakoa.
    • Ondoren, zerbitzaria sukaldera joango da eta zer eskatu dioten esan. Sukaldariak, zerbitzariak esandakoaren arabera, janaria prestatzen hasiko dira: osagaiak bildu eta prestatu.
    • Prest dutenean, zerbitzariak bezeroei eramango die eskatutakoa.
    • Eta orain, JATERA! On egin!
  • Oharra:
    • Lan banaketa egiteko hainbat modu daude:
    • Taldea bitan banatu: batzuek “DENDAK” prestatuko dituzte, besteek “JATETXEA”.
    • Edo egin daiteke denen artean “DENDAK” antolatu, eta beranduago denon artean “JATETXEA”.